XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) hori zela berak ere buruan zuena.

Bat etorri ziren beraz eginbeharrekoan, eta Mmusok adierazi zuen Pulanek lana bilatzeko garai egokia urtearen bukaera izango zela.

Iritsi zen urtearen bukaera, eta Pulanek denboraldi baterako aurkitu zuen lana etxe batean, oporretara joan zen lagun baten ordezko gisa.

Ordurako Lefak zortzi urte zituen, Mphok sei eta Lerato txikiak hemezortzi hilabete.

Mmusok bezala, denboraldi baterako lan egiten zuten langileen artean ohitura zen ostiraletan etxera berandu iristea, erosketak egiten baitzituzten lana bukatu eta soldata hartzen zutenean.

Gehienetan beste egunetan baino ordubete edo ordu t'erdi beranduago iristen ziren.

Abenduko ostiral batean, Pulane kezkatzen hasi zen Mmuso bederatzietarako etxean ez zela ikusita.

Hori ez zen ordurarte inoiz gertatu, eta Pulanek bazekien Gabonetan zoritxarrak eta ezuste izugarriak gertatu ohi zirela.

Pentsamendu eramangaitz horiek era askotako egoerak sorrarazi zizkioten buruan.

Eritetxeren batean gaisorik egongo ote zen?

Hil egin ote zuten?

Atxilotuta ote zegoen?

Elkar agurtzeko jairen bat izango ote zuten lantegian?

(Baina ez zuen jairik aipatu).

Jairik izan bazuten ere, Mmusok ez zuen alkoholik edaten, beraz ezin zuen lurrean botata hor nonbait mozkortuta egon.

Eta kezka horien artean beste ezinegon ikaragarri bat zuen.

Non zegoen Mpho bere semea?

Goiz horretan Mmusok emazteari galdegin zion, ea semeak hirira lagunduko ote zion.

Ez zion ordu arte horrelakorik inoiz galdetu, eta, galderaz harritu zen arren, Pulanek baiezkoa eman zion haren asmoari.

Eta orain biak, aita eta semea, falta ziren.

Pulane etengabe ari zen horretan pentsatzen, isiltasunean.